Tourrean gure helmuga Euskal Herria dela munduari erakusteko deia luzatu dute
Uztailaren 28an erlojupekoa amaituko den tokian bertan batu dira adin eta jatorri ezberdineko 20 bat herritar Ezpeleta. Egun horretan bide bazterrak herri aldarrikapenez hartzeko gomita luzatu dute Bizikleta gainean herriko karrikan zeharkatuz. "Aldarrikapen festa erraldoi bat" iragarri dute bezperatik hasita.
13 Juin 2018
Herri ekimenaren izenean Txomin Hiriart Urrutik eta Ana Unhassobiscayk hartu dute hitza. Bi hizmariek adierazi dutenez, nabarmena da Tourra "erakuslehio erraldoi bat dela, bere aitortza galdegiten duen herri batentzat huts egin ezinko erakuslehioa" gainera. Gogoratzekoa da kirol froga hori 170 bat estatutan zabalduko dutela 78 komunikabidek eta milioika jarraitzaile dituela munduaren luze zabalean.
Erakuslehio izateaz gain, "kirol froga hutsa ez" dela ere agerian utzi nahi izan dute. Tourrak "mezu politiko argi bat" bidaltzen du, "estatu jakobino eta zentralizatzaile" baten aldeko aldarria sendotzen laguntzen du eta horren aitzinean "erreakzionatu" beharra dagoela nabarmendu dute, "kiroltasunez erreakzionatu" ere. Bidea trazatu dute gainera: "Erakuts diezaiogun mundua osoari haien pantailen bidez bada ere uztailaren 28an Euskal Herrian izanen direla!".
Iaz lau haizetara zabaldu zuten Tourra Alemanian, Dusseldorf hirian, hasi zela; 2019koa Bruselan (Belgikan) hasiko dela ere garbi asko iragarri dute. Eta aurten zer gertatuko da? 2018ko Tourra Euskal Herrian bukatuko dela "zabalduko" ote da ala uztailaren 14ko Dreux eta Amiens arteko etapa eta Lapurdiko erlojupekoa berdintsuak izanen dira?
Lema eta hizkuntza (euskaraz eta ingelesez idatzia dago) xede horri jarraiki hautatu dituzte: "Erakuts deizaiogun munduari, you are in the Basque Country".
Ikurrinak eta ikur aldarrikatzaileak harturik, lasterketaren ibilbideko bide bazterrak hartzeko deia luzatu dute. Aldarrikapen festa gune nagusi bat antolatuko dutela ere jakinarazi dute. Xehetasunak aurrerago emanen dituzte.