tourra.eus

you are in the basque country

BERRIAK

Nola iritsi jaigunera?

Autoz ala oinez edo bizikletaz, edota joan-jinkaria hartuz ere, erraz iritsiko zara Pelenborda eremura. Larresoroko lurretan Uztaritze eta Zuraide lotzen dituen D88 errepidearen bazter bazterrean gaude.

2018ko Uztailaren 25a

Autoz (larunbata goizeko 9:00ak aitzin)

  • A63 autopistatik bazatoz (Gipuzkoatik Lapurdirantz alegia): Segi autopistan 5. irteerara arte (Baiona Hegoa, Uztaritze, Kanbo irteera). Irteera horretan autopista utzirik, hartu D932 errepidea (Uztaritzerantz) eta joan 7,5 km-z bertan Kapito Harriko itzulgunera arte (harizti bat erdian duen Uztaritze herri sarrerako itzulgunea). Itzulgune horretan hartu lehen irteera (D250 Zuraide/Senpere norabidea). 1 km-ra semaforoa, baina bertan segi aurrera, Zuraiderantz (D88 errepidea). 2,5 km-ra gaituzu bide bazterrean!
  • Donibane Garazi aldetik bazatoz: etorri D932 errepidean Larresoro sarrerarako itzulguneraino (Bipia saltegia dagoeneraino). Bertan ezker herrigunerantz igo. 500 m eginik Herriko Etxeko itzulgune ttipira iritsiko gara. Hor, lehen irteera hartu Uztaritzerantz (D20 errepidea), baina berehala (400 m) ezker hartuko dugu (Haltzugaraia bidea). Bide horretan 2,2 km eginik, Zuraiderako bidera iritsiko gara (D88 errepidea). Berriro ezker eta 500 m eskasera topatuko gaituzu bide bazterrean!

KASU: D88 errepide hori (Uztaritze Zuraide lotura) eta Haltzugaraiako bidea (Larresorotik D88ra doan bidexka) uztailaren 28ko goizeko 9:00etan itxiko dituzte ibilgailu guztientzat.

Oinez edo bizikletaz (noiznahi)

  • Larresoroko Errugbi zelai ondotik (Haltzugaraiako bidea hartuz) 2 km.
  • Durrutyko itzulgunetik (D932) Ospitalia bidea hartuz 1,5 km.
  • Astoloberriko itzulgunetik (Uztaritzen, Jendarmeria berriko itzulgunetik San Franzisko Xabier kolegioko bidea hartuz) 2 km.

Ezohiko garraio publikoz

  • 1. Linea: Biarritzeko Iraty aretotik Uztaritzeko Astoloberria itzulgunera (irteerak 15 minuturo 8:30-12:00 bitarte; itzulerak 15 minuturo 16:30-20:00 bitarte)
  • 2. Linea: Itsasutik (plaza) - Kanbo (Errobi kolegioa)- Larresoro (D20/D918 bidegurutzea) - Larresoro erdigunera (irteerak 10 minuturo 8:10-12:00 bitarte; itzulerak 10 minuturo 16:10-20:00 bitarte)

Xehetasunentzat ikusi azpiko PDFa.

Email Facebook Google Twitter LinkedIn

BERRIAK

Tourra EHn: uztailaren 22ko bizikleta martxaren kronika

2018ko Uztailaren 22a

Berrogehi bat txirrindularik egin dute gaur, eguraldi ona lagun, Senperetik Ezpeletarako bidea datorren larunbateko 31 km-ko erlojupekoaren ibilbidea eginez. Bidean Pelenborda eremutik igaro dira, uztailaren 27 eta 28rako antolaturiko aldarrikapen festa mundiala izanen den gunetik. Hauxe duzu Kanalduderen kronika!

BERRIAK

Gunearen antolaketa eta programazioa jakinarazi dituzte antolatzaileek

2018ko Uztailaren 22a

Gunearen antolaketa eta programazioa jakinarazi dituzte antolatzaileek

Dena borobildua dago Larresoron, Zuraiderako bidean, uztailaren 28an Tourraren erlojupeko erabakigarriaren karietara euskal zaletu andana hartzeko. Gaur aurkeztu dute antolatzaileek gunearen egituraketa, bai eta bertan bi egunetarako prestatu duten programazioa jakinarazi ere.

Bi egun, nahi duen orok uztailaren 27tik bertaratzeko eta gaua hantxe pasatzeko aukera izanen duelako. Horretarako, aldarrikapen gunearen ondo-ondoan, 40 000 m2-ko hedadura duen erdi eraikitako Pelenborda ofiziale eremua eskura izango da. Bestetik, Larresoroko Herriko Etxeko arduradunek, Tourraren antolatzaileekin batera, baieztatu dute ibilbidearen zati horretan, Uztaritzetik Zuraidera Larresoroko lurretan barna doan D88 errepidean, bide bazterretan aparkatzeko aukera izanen dela. Horrek mota guztietako ehunka ibilgailurentzako tokia sortzen du ingurumarian. Ostiral arratsaldeko 5etan irekiko dute jaigunea.

Hitzordu nagusia larunbat eguerdian izanen da. Orduan osatuko dute giza mosaikoa. Neurri horretako ekimen batek eskatzen duen prestaketa lana kontuan izanik, parte hartu nahi duen orori goizeko 11etarako jaigunera gerturatzeko eskatu diete antolatzaileek. Larunbatean bertan datozenek, oinez edo bizikletan, erraz iritsiko dira gunera Larresoro edo Uztaritze herri guneetatik 2 km pasatxo eginik.

Egitaraua

Uztailak 27, ostirala

  • 17:00 Gunearen irekiera
  • 20:00 Txarangak
  • 22:00 Foisis jaunak (Itoizen taldearen omenez) kontzertua
  • 23:30 New House taldearen kontzertua
  • 01:00 Gunearen itxiera

Uztailak 28, larunbata

  • 9:00 Gunearen irekiera
  • 9:30 Donibane Lohizuneko 10 dantzariren ikuskizuna eta gero mutxikoak
  • 11:00 Giza mosaikoaren prestaketa
  • 12:00 Argazki ederra: erakuts diezaiogun munduari Euskal Herrian direla!
  • 13:00 Kelvin Grove talde eskoziarrarekin herrialde horretako dantza herrikoiekin denok dantzan
  • 14:30 Txaranga
  • 15:30etatik aurrera denak, denak bide bazterrak hartzera!
  • 18:00 Aguxtin Alkhaten kontzertua
  • 21:00 Gunearen itxiera

BERRIAK

Tourreko ibilbidea eginez txirrinduzaleen martxa izanen da uztailaren 22an

2018ko Uztailaren 06a

Tourreko ibilbidea eginez txirrinduzaleen martxa izanen da uztailaren 22an

Besteak beste, Mikel Astarloza, Ainhoa Artolazabal, Aritz Bagues, Txomin Perurena eta Miguel Mari Lasa txirrindularien babesa jaso du ekimenak. Senpereko Utsalea aparkalekuan jarri dute zita goizeko hamarretan.

Badakigu euskaldunak festa zaleak garela, baina kirolariak eta kirol zaleak ere bagara. Hori dela eta, nola ez bada gure kirol zaleei uztailaren 28ko ibilbidea egiteko parada eman! Jakina da uztailaren 27 eta 28an bideak itxita egongo direla, eta hargatik, proposatzen dizuegu asteburu bat lehenago, uztailaren 22an, igandearekin, denak Senperen biltzea etapa hori egoteko. Hitzordua finkatua da: goizeko 10etan UTSALEA aparkalekuan. Donibane Lohizunetik gatozela, Senpereko herrigunera sartu baino lehen dagoen sahiesbidean dago, Senpereko lakura joateko hartzen denean hain zuzen.

Ibilbide ikusgarria

Bertatik abiaturik, denak elkarrekin joango giñateke Senpereko irteerara eta hasiko genuke egun horretako ibilbidea. Lehendabizi, aldapa sinpatiko bat igo beharko dugu eta Uztaritzeko bidea hartu oihanetik barna (zinez Tourrekoak kriston ibilbidea prestatu dute, leku hori magikoa baita, hau hariztia hau!). Uztaritzen sartu gabe eta herria bazterrean utzita, Larresororantz joko dugu segidan, baina hor ere herrigunea saihestuz. Zati horretan Pelenbordako gunera iritsiko gara. Hor dugu 14. km-a, uztailaren 27an eta 28an aldarrikapen festa gunea izango den puntu kilometrikoa.

Aitzina joz, eta nola ez, gora eta behera arituz, segiko dugu Zuraidera. Zuraiden itzuli ederra emanda, iritsiko giñateke Piñodietako portu txikira, baina beldurgarria ere badena bere %20ko portzentaiekin. Azkenik, helmugara jaitsiko gara, Ezpeleta herrira. Han, behar bada, nork daki, harrera bat egingo digute eta gero, bakoitza bere martxan, itzultzen ahalko gara autora 11 km gehiago eginez... berriro ere, nola ez, Euskal Herri gehienean bezala, ALDAPAN GORA eta ALDAPAN BEHERA!

BERRIAK

Tourrean gure helmuga Euskal Herria dela munduari erakusteko deia luzatu dute

2018ko Ekainaren 13a

Tourrean gure helmuga Euskal Herria dela munduari erakusteko deia luzatu dute

Uztailaren 28an erlojupekoa amaituko den tokian bertan batu dira adin eta jatorri ezberdineko 20 bat herritar Ezpeleta. Egun horretan bide bazterrak herri aldarrikapenez hartzeko gomita luzatu dute Bizikleta gainean herriko karrikan zeharkatuz. "Aldarrikapen festa erraldoi bat" iragarri dute bezperatik hasita.

Herri ekimenaren izenean Txomin Hiriart Urrutik eta Ana Unhassobiscayk hartu dute hitza. Bi hizlariek adierazi dutenez, nabarmena da Tourra "erakuslehio erraldoi bat dela, bere aitortza galdegiten duen herri batentzat huts egin ezinko erakuslehioa" gainera. Gogoratzekoa da kirol froga hori 170 bat estatutan zabalduko dutela 78 komunikabidek eta milioika jarraitzaile dituela munduaren luze zabalean.

Erakuslehio izateaz gain, "kirol froga hutsa ez" dela ere agerian utzi nahi izan dute. Tourrak "mezu politiko argi bat" bidaltzen du, "estatu jakobino eta zentralizatzaile" baten aldeko aldarria sendotzen laguntzen du eta horren aitzinean "erreakzionatu" beharra dagoela nabarmendu dute, "kiroltasunez erreakzionatu" ere. Bidea trazatu dute gainera: "Erakuts diezaiogun mundua osoari haien pantailen bidez bada ere uztailaren 28an Euskal Herrian izanen direla".

Iaz lau haizetara zabaldu zuten Tourra Alemanian, Dusseldorf hirian, hasi zela; 2019koa Bruselan (Belgikan) hasiko dela ere garbi asko iragarri dute. Eta aurten zer gertatuko da? 2018ko Tourra Euskal Herrian bukatuko dela "zabalduko" ote da ala uztailaren 14ko Dreux eta Amiens arteko etapa eta Lapurdiko erlojupekoa berdintsuak izanen dira?

Lema eta hizkuntza (euskaraz eta ingelesez idatzia dago) xede horri jarraiki hautatu dituzte: "Erakuts deizaiogun munduari, you are in the Basque Country".

Ikurrinak eta ikur aldarrikatzaileak harturik, lasterketaren ibilbideko bide bazterrak hartzeko deia luzatu dute. Aldarrikapen festa gune nagusi bat antolatuko dutela ere jakinarazi dute. Xehetasunak aurrerago emanen dituzte.

BERRIAK

Agerraldi ekimena

2018ko Ekainaren 12a

Tourra Euskal Herrian; ekimen aldarrikatzaile baten aurkezpena.

Ekainaren 13an, asteazkenez, arratsaldeko 5etan Ezpeletan, Tourraren helmuga lerroan, Antton txokolategilearen itzulgunean bertan.

Hainbat herritar, haur, gazte eta heldu, Tourreko helmugan batu eta bizikletak harturik esku-orriak banatuz itzuli aldarrikatzaile bat eginen dugu Ezpeletako karriketan barna. Ondoren, erdigunean bertan, uztailaren 28aren kari antolatuko den aldarrikapen festa mundialaren berri emango dute bozeramaileek.